Artea eta Teknologia», Carsa-Arte 2007k antolatua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen baitako Carsa teknologia-aholkularitzaren ekimena da. Estatu mailako arte-lehiaketa da, bi urtez behingoa, eta bertan artistek bi diziplina lantzen dituzte: Artea eta Teknologia.
Ikusizko arteak eta teknologia beti egon dira lotuta, neurri handiago edo txikiagoan. Artearen historian zehar, bizi zuten garaian garatutako teknologiak bereganatuz joan ziren artistak. XVIII. mendean, industria-iraultzarekin batera, makina-ekoizpenean eta teknologia berrietan aurrerapen handiak egin ziren, eta artistek haiek baliatu zituzten. Argazki-kamera izan zen, XIX. mendearen erdialdean, artistek bereganatu zuten lehenengo gailu teknologikoa. XX. mendeko aurrerapen teknologiko azkarrak (telebista, bideoa) oinarrizko pizgarri izan ziren abangoardiako artea sortzeko: teknologia berriekin lotutako arte-adierazpenak eta praktika kulturalak ugaritu egin ziren, eta artearen arloan iraultza ekarri zuten: bideo-artea, arte digitala, arte elektronikoa, soinu-artea, animazio infografikoa…
Erakusketa honetan, Carsa Arte 2007ren bi urtez behingo IV. Lehiaketan hautatutako 20 proiektu artistiko biltzen dira. Aurkezten diren proiektuek artea teknologiarekin eta berrikuntzarekin lotzen dute, eta agerian uzten dute teknologia berriak arte-sorkuntzarako tresna bat gehiago bilakatu direla.