añorgARTEAren beste edizio bat inauguratu dugu azaroaren 4ra arte ikusgai egongo den “THE OGROCADAVER” erakusketarekin.
Erakusketan The Ogrocadaver (Iker Bengoetxea Arruti) artista añorgatarrak hainbat teknika grafikotan, hala nola linograbatuan eta serigrafian, egindako bederatzi lan daude ikusgai, baita bere estilo pertsonalari erreparatzeko aukera ematen diguten margolanak ere. Bere sorkuntza-lanek begirada pausatua eskatzen dute lan bakoitzaren xehetasunez, artelan bakoitzaren atzean artista horren lan handia islatzen duten xehetasunez, gozatu ahal izateko.
The Ogrocadaverrek arte bisualetan gauzatzen du bere jarduera, batez ere teknika grafikoak eta margolanak landuz, hein batean musikari loturik. Arte bisualean aritzeaz gain, musika ere egiten du, Karl-Heinz Jürgenwolf izengoitiarekin.
Iker Bengoetxea Arruti Arte Ederretan doktorea eta diseinu grafiko eta arte irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko Marrazketa Sailean. Besteak beste, Polonian, Alemanian, Frantzian, Serbian, Errumanian eta Errusian egon dira ikusgai bere lanak.
añorgARTEA gunea
Museum Cemento Rezolak, kide den tokiko komunitateko eragile aktiboa den aldetik, bizikidetzarako eta hurbiltasunerako gune izatea helburu duten programetan lan egiten du, beste askoren artean. Museoari eta bere inguruari buruz hitz egitean ezinbestekoa da tokiko ondarea, memoria kolektiboa eta nortasuna aipatzea. Testuinguru horretan sortu zen añorgARTEA, ondarearen, kulturaren eta tokiko ingurunearen arteko bitartekaritza-gune gisa.
añorgARTEA 2023an ireki zen Añorga auzora, sorkuntza artistikoaren hainbat diziplina lantzen dituzten Añorgako bizilagunen proposamenak eta lan artistikoak ikusarazteko: pintura, eskultura, marrazketa, argazkia, etab.
añorgARTEAn, añorgatar hainbat belaunaldik beren lan artistikoak aurkezteko erakusketa gunea aurkitzen dute, museoa topagune komunitario bihurtuz.